APNABI eta Bizkaiko Gurutze Gorria elkarlanean ari dira gida bat sortzeko anbulantzietan AENdun pertsonei laguntzeko

APNABI Autismo Bizkaiaren eguneko arretarako zentroen (EAZ) partaidetza- eta hausnarketa-taldeak lankidetza estua izan du Bizkaiko Gurutze Gorriarekin azken hilabeteetan, anbulantzietan autismoaren espektroaren nahasmena (AEN) duten pertsonei laguntzeko gida bat sortzeko. Bizkaiko Gurutze Gorriaren Prestakuntza Zentroko Osasun Larrialdietako ikasle talde bati esker garatu da proiektua.

Horren bidez, irisgarritasuna erraztu nahi da, eta AENdun pertsonei eskaintzen zaien laguntza hobetu, lehen osasun laguntzan. Gida anbulantzietako teknikariei ematen zaien prestakuntzaren zati bat izango da eta laguntzako ibilgailuetan bertan eskuratu ahal izango da. Gainera, autismoa duten pertsonei zuzendutako erraz irakurtzeko dokumentu bat sortzen ari da ikasle-taldea.

Bisita anbulantzietara

Gainera, joan den ekainaren 16an, taldea Gurutze Gorriaren Bilboko instalazioetara joan zen. Han, pertsonak anbulantzietara hurbildu ahal izan ziren, eta talde teknikoak osasun-laguntzarako erabiltzen dituzten elementuak eta tresnak erakutsi zizkien.

Lankidetza

Parte hartzeko eta hausnartzeko taldea APNABIren hainbat zentrotako AENdun pertsonek osatzen dute. Hamabostean behin elkartzen dira interesgarriak diren gaiei eta haien kezkei buruz gogoeta egiteko. Elkarteak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak esperientzia hori zabaldu nahi dute, bai eta AENdun beste talde batzuk bisitatzea ere. Horrela, sinergia eta ekintza berriak sortu nahi dira, ingurune irisgarriagoa eta prebentzioaren arloko prestakuntza errazteko.

Comments are closed.