APNABIk 550 plaza baino gehiago eskaini ditu autismoa duten pertsonentzat 2022ko udako jardueretan

APNABI Autismo Bizkaia elkarteak bere historiako udako jarduerarik zabalenari ekingo dio opor hauetan, 36 proposamenen bidez. Horien artean opor-txandak, eguneko aisialdiko jarduerak eta udaleku irekiak daude. Udako programa oso honek azken denboraldian baino 6 jarduera gehiago ditu eta, guztira, 556 plaza eskaintzen ditu.

Oporrak

Autismoa duten pertsonek 16 opor-txanda aukeratu ahal izan dituzte. Aurten aste bateko egonaldiak egingo dituzte Larderon (Errioxa), Iruñean (Nafarroa), Zarautzen (Gipuzkoa), Hondarribian (Gipuzkoa), Arrigorriagan (Bizkaia) eta Lekeition (Bizkaia). Horietako bakoitzean jarduerak egingo dituzte inguruko baliabideak aprobetxatuz, berdinekiko gizarte-harremanak bultzatzeko eta ohikoak ez diren giroetan aisialdi aberasgarria sustatzea xede. Programa honetan 240 plaza eskaini dira.

Eguneko planak

Gainera, eta duela hiru denboraldi arrakastaz sortu zen proposamena sendotuz, eguneko planen 4 aste zabaldu dira, eta, horren ondorioz, 28 txango eta eguneko jarduera egin dira, banaka edo astean behin aukeratu ahal izan direnak. Besteak beste, uretako parkeak, Bakio edo Castro bezalako herrietako turismo eta hondartza jardunaldiak, kostako mendi-ibilaldiak edo natura, zientzia eta gastronomia jarduerak. Programa honetan 60 plaza eskaini dira.

Udaleku irekiak

Bestalde, elkarteak asteroko udaleku irekietako 16 txanda eskaini ditu Santutxun (Bilbo), Deustun (Bilbo), Leioako Mendibile ikastetxean eta, lehen aldiz, Barakaldoko Gurutzeta ikastetxe publikoan. Azken bi horiek herriko udalekin egindako lagapen-hitzarmenei esker lortu dira. Horretan 256 plaza eskaini dira. Hori guztia pertsonentzat eta haien familientzat ohikoak direnetara hurbildu nahi duten kokapenetan.

Comments are closed.