APNABIk arreta klinikoa hasi du autismoa duten 18 urtetik gorako pertsonentzat

APNABI Autismo Bizkaiako talde klinikoak arreta kliniko eta psiko-emozionaleko zerbitzu berri bat jarriko du martxan maiatzean, autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten helduentzat. Horrekin, elkarteak arlo klinikoko zerbitzu-eskaintza osatuko du, eta gero eta handiagoa den diagnostiko- eta laguntza-eskaerari erantzuten dio, helduaroari ere, bizitzako aldirik luzeenari, aurre egiteko.

Zerbitzua AENa duten pertsonei zuzenduta dago (baldin eta dagoeneko elkartearen helduen bizitzako beste zerbitzu egituratu batzuk baliatzen ari badira), Haur eta Gazteen Osasun Mentalarekin egindako itunaren estalduraren barruan elkartean artatutako pertsonei, adin nagusitasunagatik medikuaren alta jasotzen dutenei eta APNABI zerbitzutik helduaroan autismoaren diagnostikoa jaso dutenei.

Helburuak

AENa duten pertsonei helduaroko bizi-prozesuetan laguntzeaz gain, zerbitzu honen bidez bizitzaren erronkei aurre egitea ahalbidetzen duten trebetasunak, gaitasunak eta egoera emozionalak ebaluatu eta indartzen lagundu nahi da. Horrez gain, osasun mentaleko arazoetan esku hartuko da, eta diagnostiko-zerbitzua ere eskainiko du elkarteak, autismo-susmoa badago, eta familiari eta inguruko pertsonei orientatuko zaie.

Zerbitzu hori pixkanaka jarriko da martxan. Arreta klinikoa APNABIko psikologo taldeak egingo du Kabi espazio berrian eta, hasiera batean, bakarkako saioen bidez soilik. Tratamenduen maiztasuna eta iraupena profesionalaren irizpen klinikoaren esku geratuko da, betiere arreta ematen zaion AENa duten pertsonen eta haien familiaren beharrak kontuan hartuta.

Zerbitzua eskatzeko bidea

Arreta jaso ahal izateko, ezinbestekoa izango da elkarteko bazkide izatea. Azpimarratu behar da kofinantzaketarik gabeko zerbitzua dela; horregatik, saio bakoitzaren kostua 48 eurokoa izango da. Zerbitzu berri honi buruzko informazio gehiago jaso daiteke 944 75 57 04 telefonoan edo helbide elektroniko honetara idatziz: familia@apnabi.org.

Comments are closed.