APNABIk autismoari buruzko sentsibilizazio-programa bat abiarazi du Barakaldoko ikastetxeetan

  • Ekimen hori “Solidaritatearen Plaza” izeneko proiektu baten barruan garatu da, zeina Barakaldoko Udalak sustatu baitu Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleekin garatzeko, helburutzat harturik jendartea sentsibilizatzea lankidetza, elkartasun eta kulturartekotasun gaien inguruan.

apnabi educaciónAPNABIk autismoari buruzko sentsibilizazio-programa bat abiarazi du Barakaldoko ikastetxe publiko eta hitzartuetan (hogei bat guztira). Ekimen hori abenduko lehen astera arte luzatuko da eta Barakaldoko Udalak martxan daukan “Solidaritatearen Plaza” kanpainaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita lankidetza, elkartasun eta kulturartekotasun baloreak zabaltzea herritarren artean. Kanpaina horren barruan, Barakaldoko Haurren Merkatu Txiki Solidarioa antolatuko da abenduaren 15ean eta APNABI Autismo Bizkaia elkarteak jasoko du ekitaldi horretan bildutako dirua. Barakaldon abenduan egingo diren beste hainbat kultur ekitalditako diru-sarrerak ere (rock taldeen eta abesbatzen kontzertuak, ludoteka eta pailazoen ikuskizuna) Apnabirentzat izango dira, hau da, autismoa duten pertsonen familiak biltzen dituen Bizkaiko elkartearentzat.

APNABIren sentsibilizazio-programa hau APNABIko Aldamiz Ikastetxeko irakasleen bitartez gauzatzen da, ikastetxe horretako zuzendariak koordinatzen du, eta Barakaldoko ikastetxe publiko zein hitzartuetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleei zuzentzen zaie. Hitzaldietan jarduera honetarako bereziki sortutako materiala erabiliko da, haurrentzat egokitutako informazioa emateko hainbat gairi buruz: autismoaren espektroko nahasteen ezaugarriak, AEN bat duten haurrek eta gainerako ikasleek elkarrekin egiten dituzten jarduerak edota piktogramen erabilera komunikatzeko eta antolatzeko tresna gisa. Sentsibilizazio-lan horren helburua da arreta jartzea AENdun pertsonen eskubideetan eta azpimarratzea eskubide horiek bete egin behar direla, gizarteratze, elkartasun eta errespetu printzipioei jarraiki.

Haurren Merkatu Txiki Solidarioa

campaña sensibilizaciónDatorren abenduaren 15ean Haurren Merkatu Txikiaren beste edizio bat egingo da Barakaldoko Herriko Plazan. Herriko gazteenei zuzendutako ekimen hori elkartasunerako hezkuntzako esperientzia bezala errotua dago. Gabon aurreko jardunaldi horretan bukatuko da egoera onean dauden bigarren eskuko jostailuak emateko kanpaina. Emandako objektu guztiak merke salduko dira eta haurrek zuzenean parte hartuko dute ekitaldian, gurasoen (aita eta amen elkartearen bitartez) eta irakasleen laguntzarekin.

Merkatu txikiarekin batera orobat antolatuko dira jolasak eta jaiak, askotariko emanaldiak eta tailerrak haur bisitarientzat nahiz beren gurasoentzat… hala, egun hori herritar guztiei zuzendutako elkartasunezko eta familia giroko jardunaldi bihurtuko da.

Merkatu Txiki Solidarioan bilduko den diruari beste hainbat ekarpen gehitu behar zaizkio, hala nola, lau familia-kontzertutan jasotakoa (“Rockin Bizi Family Sesions” izeneko saioetan omenaldia egingo zaie Euskal Herriko beste hainbeste rock talderi), Barakaldoko Kantarte abesbatzaren kontzertukoa (Händelen Mesias obrako zati batzuk eskainiko ditu abenduaren 28an), Federación de Coros de Bizkaia – Bizkaiko Abesbatza Elkartearen kontzertukoa (Ken Zazpi taldearen kantuak eskainiko ditu abenduaren 30ean, igandean), Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunekoa (bi saio eskainiko dituzte Barakaldo Antzokian abenduaren 21ean, ostiralean), eta Gabonetako Haur Ludotekako sarrerena.

Proiektu solidario baten oinarriak

Barakaldoko Udalak sustatutako proiektuaren printzipioetan jasotakoaren arabera, hauek dira ekitaldiaren oinarriak:

  • Sentsibilizazioa da parte-hartzaileen kontzientzia hezteko zutabe nagusia. Sentsibilizazioaren bidez parte-hartzaileek hobeto ulertzen dute zein lan egiten duen Haurren Merkatu Txiki Solidarioan bildutako diruaren erakunde hartzaileak.
  • Ikastetxe bakoitzeko gurasoen eta irakasleen inplikazio sakona. Eurek biltzen, sailkatzen, berrikusten eta etiketatzen dituzte jostailu guztiak gero saldu ahal izateko.
  • Barakaldoko hiritarrek merkatu txikiari egiten dioten harrera itzela. Masiboki hurbiltzen dira merkatu txikira, jostailuak erosten dituzte eta positiboki baloratzen dute haurren, gurasoen nahiz ikasleen inplikazioa.
  • Esperientzia bera da berezia, nabarmentzen baitu haurrak badirela gai ekimen solidario batean inplikatzeko eta ekimenak berak baduela gaitasuna herriko ikastetxeak –eta bide batez Barakaldoko familia gehienak- parte hartzera animatzeko.
  • Eraginkortasun handiko antolakunde kaudimentsuak aukeratzea proiektuan parte hartzeko, horrela bermatuz planifikatutako ekintza solidarioa baliagarri dela sentsibilizazio-lanak egiteko.
  • Azkenik, proiektua bera ekintza koordinatua izatea, udal-mailako sail eta teknikari desberdinen parte-hartze zuzenarekin, zeintzuek beren baliabideak eta esperientzia eskaintzen baitituzte proiektuaren arrakastarako.

[kkstarratings]

Comments are closed.