APNABIko familiek sakon aztertu dituzte autismodun pertsonen elikadura nahasteak

APNABIko ehundik gora familiak parte hartu dute autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonen elikadura nahasteei buruzko prestakuntza jardunaldi batean, non argi esan baita esku-hartze goiztiarra dela horrelako arazoei aurre egiteko modurik onena, ondorioak dituztelako AENdun pertsonaren ongizate fisikoan, jokabidean, ikaskuntza prozesuetan eta baita ere beren familian eta ingurune sozialean. Bilbon egin den topaketa hori APNABI Gela foroaren barruan antolatu da, foro horixe baliatzen baitu Elkarteak bazkide diren familien prestakuntza sustatzeko eta, horrela, autismoa duten pertsonak zaintzean eta arreta ematean sortzen diren zalantza eta kezkei erantzuteko.

Mikel Pulgarin APNABIko presidenteak hizpide hartu du jardunaldiaren aurkezpenean nolako garrantzia har dezaketen elikaduraren nahasteek autismodun pertsonen eta beren familien bizitzetan. Era berean, adierazi du jardunaldi hori AENdun pertsonen bizi-ohitura osasuntsuak sustatzeko programaren barruan kokatzen dela. Programa horren bidez kirola eta elikadura osasuntsu eta ordenatua sustatzen dira, bai eta sedentarismoa saihesteko eta emozioez gozatzeko jardunbide egokiak.

Nuria Hernando psikopedagogo eta maisuak hizlari gisa parte hartu du jardunaldian. Madrileko Erkidegoko AUCAVI ikastetxeko (AUCAVI Fundazioa, Autismo Calidad de Vida) zuzendaria da, eta “Guía de intervención ante los trastornos de la alimentación en niños y niñas con Trastorno del Espectro del Autismo (TEA)” eskuliburuaren egileetako bat ere bai.

Bere hitzaldian esan duenaren arabera, eta kontuan hartuz azterlanek diotena, maila desberdinetako -oso larrietatik arinetara- elikadura nahasteen prebalentzia % 90 ingurukoa da autismodun pertsonengan. Portzentaje horren barruan, % 70 inguruk zerikusi zuzena dute hiperselektibotasunarekin (besteak beste, adimenaren zurruntasuna edo aldaketarik ez onartzea). Beste arrazoi batzuk ere aipatu ditu: zentzumenetako edo urdail eta hesteetako nahasteak, koherentzia zentralaren nahasteak edo gaixotasun, intolerantzia eta alergiek eragindakoak, eta beste faktore bat ere bai, hots, pertsona zehatz batzuek badutela beharra beren autodeterminazio gaitasuna adierazteko eta horrela beren familia ingurunean eragina izateko.

Nuria Hernandok familiei esan die konfiantza izateko profesionalengan, eta laguntza eskatzeko. “Autismodun pertsonen arloko esku-hartze profesionalak ez dauka errezeta unibertsalik —esan du—. Halere, esku hartzen denean antzematen da hobekuntza”. “AENdun pertsona bakoitza mundu bat da. Azken helburua da —gaineratu du— jateko ekintza zerbait atsegin bihurtzea”.

Comments are closed.