
Apirilaren 29an, asteartea, 40 pertsona baino gehiago bildu ziren APNABI Autismo Bizkaiaren Kabi espazioan, Bilbon, Autismoa eta biok liburuaren aurkezpenean. Oihan Iriartek idatzi eta ilustratu du lana, eta Txalaparta argitaletxeak kaleratu du. Ekitaldian egileak hitzaldia eskaini zuen Garazi Arrula Txalapartako editorearekin batera, eta jardunaldia liburu-sinadura saioarekin amaitu zen.
Solasaldian, Iriarteren esperientzia pertsonala izan zen ardatz nagusia. Artista kontzeptuala den aldetik, Autismoa eta biok argitaratzera eraman duen sormen-prozesua azaldu zuen: bere unibertsitateko proiektua, ingurukoen babesa eta erabilitako teknikak.
Autismoaren bizipen pertsonala ere partekatu zuen, liburuan islatu duen moduan. Pasarte gogorrak dira batzuk, baina umorea ere baliatu du. Liburuko protagonista estralurtar bat balitz bezala sentitu da sarritan: gainerakoei jokabide-gida bat emana balitzaie bezala, baina hari ez. Diagnostikoa jaso zuenean hasi zen bere burua hobeto ulertzen eta munduan duen tokia kokatzen.
Solasaldiak aukera eman zuen berriz ere balioan jartzeko autisten testigantza errealek duten garrantzia, gizartearen sentsibilizazioa eta ulermena bultzatzeko. Jardunaldia Autismoa eta biok lanaren sinadura saioarekin amaitu zen, eta Iriartek gertutasunez hitz egin zuen parte-hartzaileekin. Eskertza-giroan, elkarrizketa aberasgarriak eta esperientzien trukea sortu ziren. Bertan parte hartu zuten autismoa duten pertsonak, senideak, gizarte- eta hezkuntza-arloetako profesionalak eta neuroaniztasunarekiko interesa duten pertsonak.

Liburu denda espezializatua
APNABI Autismo Bizkaiak Liburuaren Eguna dela-eta antolatu zuen ekitaldi hau, eta horrekin batera aurkeztu zuen autismoari buruzko liburu-denda espezializatua (Pintor Lekuona 11n, Bilbon). Proiektu horren bidez, elkarteak AENari buruzko argitalpen espezializatuak eta autismoa duten egileek sortutako lanak eskaintzen ditu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Iriarteren liburua ere bertan dago salgai. Helburua da autismoa duten pertsonen, familien eta profesionalen eskura ipuinak, liburuak eta material eguneratuak eta gomendatuak jartzea.