APNABIren Udako Jai Handiak 500 lagun batu ditu Indautxuko Jesuiten ikastetxean

APNABI Autismo Bizkaiak 500 lagun batu zituen ekainaren 22an (larunbatean) Indautxuko (Bilbo) Jesuiten ikastetxeko instalazioetan egin zen Udako Jai Handian. Gurasoak, aiton-amonak, neba-arrebak eta beste hainbat senitarteko eta adiskide autismodun pertsonekin elkartu ziren Udako Jai Handian, zeinetan jokoak, musika, kirol-lehiaketak eta paella aitzakia ederra bihurtu baitziren adiskidetasun egun horretaz gozatzeko.

Goiz erdian -eguzkiak bete-betean jotzen zuenean- iritsi ziren familiak ikastetxera. Familia boluntario batzuek -elkartearen dinamizazio prozesuaren barruan aldian behingo topaketak egiten dituzten APNABIko gurasoek- egin zieten harrera eta denak hurbildu ziren ikastetxeko patio ederrera, han baitzeuden toboganak, gazteluak eta puzgarriak, berehala jendez bete zirenak. Arrakasta handia izan zuen garbitzaile mekanikoak. Erloju barrubigun baten itxura duen atrakzio bat da, orratzen lana egiten duten beso biratzaile luze bi dituena, zeintzuen helburua baita erabiltzailearen oreka galaraztea. “Umore horia”ren bertsio gozoago bat, inondik ere.

Eguzkiak bete-betean jotzen bazuen ere, leporaino bete ziren saskibaloi-kantxak, pintura-tailerren eta aurpegi-margotzaileen guneak, photocalla eta photomatoia. APNABIren “Bizitza osasuntsua” programako setak kirol inklusiboa eta elikadura osasuntsua sustatu zuen patioaren mutur batean kokatutako karpa-pergola baten azpian. Pertsona helduagoak -gazteak barne- ikastetxeko frontoi batean (aterpean) kokatutako gailu teknologikoen gunean batu ziren, eta denetarik probatu zuten: errealitate birtualeko joko bat, eskafandra eta guzti; kotxe-lasterketen simulagailuak, konta ezin ahala eskaera jaso zituztenak; eta Laser tag lehiaketa, non gerrillari-borroka bat irudikatu baitzen argi infragorria igortzen duten plastikozko fusilekin (paintball-aren antzekoa, baina sofistikatuagoa, pinturarik gabe eta garbiagoa).

Jateko deia baino lehentxeago, APNABIko presidente Mikel Pulgarínek gogora ekarri zien bertaratutako familiei zein den elkartearen izatearen arrazoia, alegia etorkizun hobea eraikitzea autismodun pertsonentzat, eta denak animatu zituen beren errealitate eta kezkak partekatzera eta denon artean baliabide gehiagoz hornitutako elkarte sendoago bat lortzera.
Eta, azkenean, iritsi zen paella jateko ordua. Mahai luzeak eta garagardotegiko aulkiak jarri ziren bigarren frontoiko kantxan (hau ere aterpean), udako bazkari bikain batez gozatzeko mahai-inguru eder batean. Arrozaren ostean oilaskoa zerbitzatu zen eta gero, ospakizun menua amaitzeko, bainila eta txokolatezko izozkia.

Udako Jai Handiak arratsaldean jarraitu zuen, jai-giro bete-betean. Arratsalderako utzi ziren apar-jaia, sokatira txapelketa, txapel-jaurtiketa eta txinga-lasterketa, txingen ordez ur-bidoiak erabili zirelarik. Parte-hartzaile guztiek irabazi zuten eta, beraz, denek jaso zuten beren domina. Jaia bukatzekotan zenean, Zirkodomoa iritsi zen bere zirko-emanaldiarekin: bizikleta gaineko ikuskizuna, ezpata-jokoa eta malabarrak, zeintzuetan ezinbestekoa izan baitzen Ritxarren laguntza.

Karaokea aukeratu zen ospakizunari buru emateko. Elena animazio-lanetan aritu zelarik eta Fredi, berriz, alderdi teknikoan, ezin hobeto zuzendu zituzten musika-eskari guztiak, zeintzuen artean nagusi izan baitziren 70eko hit parade edo abesti ezagunenak. Berriemaileak eta argazkilariak buru eman zioten beren lanari bertaratuak Luis Fonsiren gai ezaguna abesten hasi zirenean, eta, abestiak dioen moduan, “despacito” utzi zituzten Indautxuko ikastetxeko instalazioak, parte-hartzaileek jaiarekin jarraitu zuten bitartean.

APNABIk bihotzez eskertzen dio Indautxuko Jesuiten ikastetxeari bere instalazioak laga izana, Bilbo erdi-erdian kokatutako instalazio horietan ospatu baitugu gure udako jai handia, eta eskerrik asko baita ere familia-ekitaldi hau antolatzeko eskainitako erraztasun guztiengatik. Mila esker!

Comments are closed.