Beste behin ere, APNABIk bat egin du Korrikarekin!

Autismoaren espektroan nahasmendua (AEN) duten 150 lagunek baino gehiagok, familiek eta APNABI Autismo Bizkaia elkarteko profesionalek parte hartu zuten atzo, martxoak 21, osteguna, Korrikako 1784 kilometroan, Galdakaon. Martxoaren 14an abiatu zen euskararen aldeko ekimena Irundik (Gipuzkoa), eta 11 egunez Euskal Herri osoa zeharkatuko du, martxoaren 24an Baionara (Lapurdi) iritsi arte.

→ Argazki albuma esteka honetan ikus dezakezu.

Asier eta Michele aita-semeek hartu zuten lekukoa, autismoa duten pertsona guztien eta APNABIko kide diren familien ordezkari gisa. Gainera, Galdakaoko anbulatorioko talde profesionalaren eskutik hartu zuten. Horrela, tarte oso berezia osatu zuten, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatu eta inklusioa aldarrikatzeko.

Aurreko edizioetan bezala, APNABIren Euskara Batzordeak bultzatu du bi urtez behingo ekimen garrantzitsu honetan parte hartzea. Batzorde hori 2009tik dago aktibatuta, eta erakundeko arlo guztietako talde profesionaleko ordezkariek osatzen dute. Elkartean euskararen erabilera normalizatzea du helburu.

Comments are closed.