Boto eskubidea eta jardunbide egokiak gizarte demokratiko batean

Gehienek uste dute gurasoen edo tutoreen laguntza behar duen eta gaitasunak judizialki aldatuta dauzkan pertsona batek ezin duela izan sufragio eskubiderik. Uste hori oso zabalduta dago, orain dela gutxira arte indarrean egon den legeria modu murriztailean aplikatu izan delako eta sufragio eskubidea erabiltzeko ezintasun hori arau orokor bihurtu zelako, salbuespena izan beharrean. Beraz, Espainian baziren ehun mila pertsona inguru boto eskubiderik ez zutenak.

Elkarteen mugimenduak eginiko lanari esker eta Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei Buruzko New Yorkeko Hitzarmena onartu ostean, gauzak erabat aldatu dira eta erabateko aldaketa hori abenduaren 5eko 2/2018 Lege Organikoan jaso da.  Hitzarmenak dio ezgaitasuna duten pertsonen boto eskubidea bermatu beharra dagoela gainerako hiritarren baldintza berberetan, eta Estatuek euren legeria aldatu behar dutela berme hori egia bihurtu dadin.

Ezgaitasuna duten pertsona guztien boto eskubidea aitortzeaz gain (“pertsona orok erabili ahal izango du bere sufragio eskubidea modu aktibo, kontziente eta librean eta bere borondatez, edozein dela ere bere botoa komunikatzeko modua edo boto hori emateko behar duen laguntza”), Legeak dio aurreko legerian eskubide hau mugatuta edo ukatuta zuten pertsona guztiak erabat integratuta egongo direla legeria honetan; hau da, gaitasunaren aldaketari buruzko epaietan jasotako gabetze guztiak automatikoki indargabetuko dira eta Botere Publikoen eginbeharra izango da behar diren egokitzapenak egitea eraginkortasunez erabil dezaten eskubide hori.

Hemendik hilabete gutxira hauteskundeak izango ditugunez, pertsona guztiak sartuta egon behar dira hauteskunde-erroldan. Beraz, adi egon behar dugu eta egiaztatu etxera iristen zaigula erroldan sartu izana adierazten duen jakinarazpena. Hala ez bada, errolda bulegoetara joan behar da.

Hemendik aurrera erronka berriak izango ditugu: eskubidea eraginkortasunez aplika dadin lortzea (Botere Publikoek bermatu behar dute hori), alderdi politikoen mezuak egokitzea denentzat irisgarri izan daitezen, eta Legea behar bezala aplikatu arte gerta daitezkeen egoerei aurre egitea. Arreta handiz zainduko ditugu boto eskubidea bermatzeko orduan gerta litezkeen egoera guztiak, izan ere, Legeak dioen bezala, “boto-eskubidea delako gizarte demokratiko bateko kideek politikan parte hartzeko duten aukeraren adierazpen gorena” eta ezgaitasuna duten pertsonek ere badutelako zer esana gure gizartean.

GORDONIZ ABOKATU-BULEGOA

Mikel Álvarez

Comments are closed.