Joan den apirilaren 2an sartu zen indarrean etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko dekretua – 2023ko urrian onartua –, etxebizitzarako eskubide subjektiboa (EEB) aitortzeko betekizunak, baldintzak eta prozedurak arautzen dituena. Horrela, alokatzeko etxebizitza sozial bat eskuratu ahal izango dute, edo, bestela, merkatu librean errentamendu bat hilero ordaintzen lagunduko dien prestazio ekonomiko bat.
Etxebizitzarako eskubide subjektiboa lortzeko baldintza orokorren artean honako hauek daude: adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea, eskaera egin baino urtebete lehenagotik benetan bizi izatea, etenik gabe eta justu aurretik, etxebizitzarik ez izatea, Etxebiden alokairuko etxe baterako izena emanda izatea, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan hiru urteko antzinatasuna izatea eta gehieneko diru-sarrerak honako hauek izatea:
- 13.000 euro haztatu urtean, bakarrik dauden pertsonen kasuan
- 17.000 bi kideko bizikidetza-unitateentzat
- Eta 19.000 euro hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateentzat.
Araudi berri horrek, gainera, esan nahi du gaur egun Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EPO) EEBren osagarri gisa eta etxebizitzaren merkatuan sartu ahal izateko jasotzen dutenek Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Ekonomikoa (EGPE) jasoko dutela, kasu honetan Etxebizitza Sailak kudeatua, eta ez Lanbidek. Aldaketa hori automatikoki eta etenik gabe egingo da EEBa berritzeko eskatzen zaienean.
Informazio gehiago -baita errekisitoei buruzkoa- Etxebideren webgunerako esteka honen bidez kontsulta daiteke.