Laudiotik Orozkora, pausoz pauso, bizitza osasuntsuago baten alde

  • APNABIko Kirol Taldeko Mikelek hizpide hartu du irailaren 23an (igandea) bere lagunekin batera egin zuen mendi-ibilian bizitako esperientzia

pausuz pausuAPNABI Autismo Bizkaia elkarteak martxoan jarri zuen martxan “Heldu Bizitza Osasuntsuari” proiektua, eta harrezkero buru-belarri ari da lanean. Proiektu horren helburua da alternatibak eskaintzea AENdun pertsonei eta beren familiei nahiz laguntza ematen dieten profesionalei, ohitura osasuntsuak har ditzaten bizi-kalitatea hobetzeko. Ekimen horren barruan kirol talde bat sortu da, asteartero, ostegunero eta igandero biltzen dena askotariko jarduerak garatzeko ingurune inklusiboetan, eta baita ere parte hartzeko gizartean helburu berarekin antolatzen diren ekitaldi eta topaketetan. Geroztik, taldekideek herri-lasterketetan, mendi-igoeretan eta mendiko federazioaren Xendazaletasun Ligan parte hartu dute. Azken jarduera irailaren 23koa da: mendi-ibilaldi bat Laudio eta Orozko artean.

Zortzi lagunez osaturiko APNABIko Kirol Taldeak Laudio eta Orozko arteko mendi-ibilbidea egin zuten irailaren 23an (igandea), zeina puntuagarria baita Xendazaletasun Ligarako. Bizkaiko Mendizale Federazioak antolatu zuen proba hori.

Mikel taldekideak xehetasun osoz kontatu du jardunaldian gertatutakoa: Abandon gelditu ginen goizeko 7:25ean. Oso goiz jaiki behar izan genuen Laudiorako trena hartzeko. Bost lagun joan ginen: Martin, Samuel, Diana, Jon Ander eta ni neu.

8etan iritsi ginen, pentsatuz autobusa hartu beharko genuela Orozkora joan eta inskripzioa sinatzeko, baina ez zenez izan beharrezkoa, astia izan genuen taberna batean gosaldu eta Laudion osteratxo bat egiteko.

Mendi-ibilaldia goizeko 9:15ak inguruan hasi zen, eta segituan ohartu ginen oso jende xendazalea zegoela proba hartan eta elkar ezagutzen zutela lehenagotik. Herritik irten orduko ikusi genuen malkar handiak zeudela, eta gorantz jo behar genuela, alegia, mendirantz.

Ordu pare baten buruan, malda gogorren bat edo beste igo ondoren, gailurrera iritsi ginen. Eta hantxe ikusi nuen: mendia Kurutzekoatza da eta 721 metroko garaiera du. Esteka honetan daukazue informazio gehiago: https://www.elcorreo.com/vizcaya/ocio/rutas/200202/07/montesdenervion.html

Baina igoeraren ondoren jaitsiera dator berriro, kasu honetan Orozkora. Jaistea igotzea baino errazagoa izaten den arren, esan behar dut une batzuetan zaila izan zela, lurra irristakor zegoelako eta nahiko malkartsua zelako. Jaitsieran ermita baten ondotik pasa ginen, itxuraz abandonatua zegoena.

Azkenean, eguerdiko 13:00ak aldera iritsi ginen Orozkora, 15 kilometroko mendi-ibilaldia egin ondoren. Antolatzaileek ongi irabazitako fruitu lehorrak eta edaria eman zizkiguten udaletxeko plazan. Gainera, Orozko oso herri polita iruditu zitzaidan, ibai gaineko zubi eta guzti.

Atseden hartu ondoren, 14:00ak inguruan, Bilbora itzultzeko autobusa hartu genuen.

Egia esan, ibilbidea gogor samarra izan zen, baina asko gustatu zitzaidan, oso paisaia politak ikusi genituelako, eta eguraldi ona egin zuen gainera. Orain hurrengo ibilaldiaren zain gaude, hemen kontatu ahal izateko.

Eskerrik asko eta agur bat.

[kkstarratings]

Comments are closed.