APNABIk autismoa duten pertsonentzako Multi-kiroleko bigarren Jardunaldia antolatu du datorren urriaren 31n (osteguna). Ekimen hori Bilboko San Inazio auzoko kiroldegian egingo da, APNABIren Bizitza Osasuntsurako Programaren barruan, eta oinarritzat dauka taldeka eginiko jarduera fisikoa bultzatzea, betiere plan pertsonalizatu batekin eta jarraipen profesionalarekin.
Jardunaldian izango dira Deustu, Blas de Otero, Garamendi, Txurdinaga, Larrako eta Enekuri eguneko zentroetako ehun erabiltzaile inguru, bai eta Azlan zentro okupazionalekoak eta Aldamiz Ikastetxekoak, horiekin guztiekin batera egongo direlarik zentro horietako profesionalak eta boluntarioak.
Jardunaldian multi-kiroleko zirkuitu baten eskema erabiliko da, hau da, parte-hartzaile guztiek kirol desberdinak egingo dituzte: saskibaloia, futbola, pilota, padela eta errugbia.
Probak amaitutakoan, frutaz osatutako mokadu osasuntsu bat jasoko dute.
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak eta BBK Fundazioko arduradunek baieztatu dute jardunaldian izango direla, ekimenean parte hartuko duten APNABIko kideei laguntzeko.
APNABIk hainbat erakunderen laguntza izan du jardunaldia antolatzeko: Bilbao Kirolak, BBK Gizarte Ekintza, Athletic Club, Bizkaiko Padel Federazioa, Barakaldo C.F., Universitario Bilbao Rugby eta Bizkaiko Pilota Federazioa.
Bizitza osasuntsurako programa
Ekimen honek helburu bikoitza du: AENdun pertsonen parte-hartzea sustatzea kirol modalitate desberdinetan eta jabetu daitezela zein garrantzitsua den bizitza osasuntsua izatea.
APNABIk informazio-puntu bat jarriko du kiroldegiko sarreran eta bertan aurkeztuko ditu Bilbao Kirolak ekimeneko jarduerak nahiz gaitasun desberdinak dituzten Bizkaiko klubek eskaintzen dituztenak, bai eta elkarteak berak garatzen duen bizitza osasuntsurako proiektua.
Eguna: urriak 31, osteguna.
Ordutegia: 11:00etatik 12:45etara
Tokia: San Inazio auzoko kiroldegia (Bilbo).