Adimen Ezgaitasuna duten pertsonen parte-hartzeari eta hiritartasunari buruzko 1. jardunaldiak. “Ateak Zabalduz”

jornada-participacionAPNABIk apirilaren 4an eta 5ean parte hartu zuen Probosco erakundearen 25. urteurreneko jardunaldietan: Adimen Ezgaitasuna duten pertsonen parte-hartzeari eta hiritartasunari buruzko 1. jardunaldiak. “ATEAK ZABALDUZ”

Ikerrek eta Rubenek euren hitzaldia eman zuten Susanaren laguntzarekin: Nire bizitza etxean, orain eta bihar.

Rubenek esan digu primeran ibili zirela, jende asko ezagutu zutela eta kontatu zietela nola bizi diren pisuan: nola egiten dituzten erosketak, nola sukaldatzen duten, zer egiten duten aisialdian, eguneko zentroan… hau da, nola bizi diren eta nola laguntzen dien APNABIk.

“Oso ondo atera zitzaigun hitzaldia!” Oso lasai geunden. Gehien gustatu zitzaidana izan zen elkarte batek antolatutako dantzaldia: argiak eta musika jarri zituzten… oso polita izan zen. Benetako artistak dira. Ahh, eta Campeones pelikulako aktorea ere ezagutu nuen. Oso jatorra da”

Ikerrek azaldu digu Probosco erakundea gonbidatu dutela guri bisita bat egitera eta “esan diegu nahi dutenean itzuliko garela. Kontatu diet hobeto nagoela pisuan eta ez lehen bezala, aldi-baterako egonaldiak eginez, horrela ezin nuelako bakarrik irten eta hori ez zait gustatzen”

Ikerrek mutil bat gogoratu du: “esan du gurutze gorriko boluntarioa dela. Nik ere boluntario izan nahi dut DYAn. Saiatzeko esan dit. Berari kosta egin zitzaiola, baina lortu zuela. Laguntza eskatuko dut etxean”.

Dena ez da izan ikastea, baita ere aprobetxatu dute kanpora irteteko afaltzera eta dantza egitera. “Oso leku politak ikusi ditugu: mila urte dituen drago zuhaitza, herria… eta jende atsegin asko ezagutu dugu. Igerilekuan bainatu gara gainera. Ura hotz zegoen”.

Susanak azaldu digunez, jardunaldi paregabeak izan dira, eta ezgaitasuna duten pertsonak izan dira benetako protagonistak. “Badakigu begirada aldatu behar dugula, jakiteko nola igaro laguntza emateko ereduetatik pertsonengan zentratutako ereduetara. Baina gauza bat da esatea eta jakitea, eta beste bat, bizitzea. Jardunaldi hauetan, ezgaitasuna duten 36 pertsonak –beren erakundeek lagundurik- aukera izan dute auto-determinazioarekin, eskubideekin, bizi-kalitatearekin, laguntza-metodologiekin eta, gure kasuan, bizitza independentearekin lotutako esperientziak kontatzeko”.

AENdun pertsonek oraindik ez dute aukeratzen norekin bizi nahi duten, baina APNABI eta administrazioa urratsak ematen ari gara beren interesak eta motibazioak kontuan hartzeko, oso garrantzitsua baita beren bizi-proiektua garatzeko eta komunitatean parte hartzeko aukerak emango dizkieten bizikidetza-unitateak sortzeko.

Eta zer da bizitza independentea delako hori?

jornada-participacioBizitza independentea pertsona guztion eskubide bat da. Gehienetan, laguntza-premia gutxiago dituzten pertsonekin lotzen da, baina mundu guztiak du eskubide hori, edozein direla ere bakoitzaren laguntza-premiak. Bizitza Independenteaz hitz egitea da pertsonei begiratzeko dugun modua aldatzea eta, aldaketa horri esker, argiago ikusten da zer dakien pertsonak, zer egin dezakeen eta zer nahi duen. Orobat, aukera ematen du menpekotasun mailaz harago begiratzeko, eta ez bakarrik ikusteko zer ezin duen egin, zer ez duen nahi edo zer ez dakien.  Beti bezala, oreka da giltza.

APNABIk Bizitza Independenterako prestakuntza bat egiten du urtero. Ikuspegi teoriko eta praktikoan oinarriturik, 6 pertsonak bizitza independenterako gaitasunak entrenatzen dituzte astean bi arratsaldez eta hilean asteburu batez. Saio horietan lantzen dute nola sukaldatu eta garbitu, etxea nola antolatu, erosketak nola egin, garraio publikoa nola erabili… eta baita ere alderdi emozionalekin lotutako gaiak: helduaroan sartzea, erantzukizunak hartzea, konfiantza izatea norbere buruarengan, erronkak gainditzen saiatzea eta nola bizi nahi dugun planifikatzea. Horretarako, ezinbestekoa da pertsonen, familien eta profesionalen arteko elkarlana. Susanak dioen bezala, “Bizitza independentea eskubidea bada, ezinbestekoa da gaztetatik hastea horretarako prestatzen, planifikatzen eta lantzen”.

Horrelako jardunaldiek erakusten digute zer egiten dugun ondo, nolako urratsak ematen diren eta, batik bat, zein bide luzea dugun oraindik egiteko, pertsonak izan daitezen beren bizitzetako benetako protagonista. Ahotsa emanaz, horrelako jardunaldietan parte hartzeko aukera emanaz eta mezu irisgarriak helaraziz, horizonte errealago eta irisgarriago bat sortzen dugu.

Comments are closed.