APNABI aztertzen dago estresak eta antsietateak AENdun pertsonengan duten eragina laneratzeko prozesuetan

  • Ekimena Proiektu Berezia da, Lanbidek finantzatua.
  • Laneratzen laguntzeko prestakuntza espezifikoa eskainiko da.

APNABI Autismo Bizkaia, bere arlo soziolaboralaren bitartez, Proiektu Berezi berri batean murgilduta dago, Lanbideren, Euskal Enplegu Zerbitzuaren, laguntzarekin. Ekimen horri esker, elkarteak azterketa bat egingo du jakiteko nola eragiten dien antsietateak eta estresak autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonei laneratze-prozesuetan. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren kofinantzaketa du.

Lehen fasean, APNABIko 60 lagunen kasuak aztertu ditu erakundeak, haien antsietate- eta estres-egoera ezagutzeko. Aldi berean, AEN gabeko pertsonek osatutako kontrol-talde baten egungo egoera aztertu zen. AEN duten pertsona horietatik langabezian daude 30 hautatu dituzte martxoaren 9tik maiatzaren 22ra prestakuntza jasotzeko. Ondoren beste ebaluazio bat egingo dute prozesuaren bukaerako egoera ezagutzeko.

Formakuntza

Hamabost laguneko bi taldetan banatuta, tresnak eta teknikak landuko dituzte pertsona horiek formakuntzaren bitartez, lana bilatzeko prozesuetan edo hautaketa-prozesuetan antsietate- eta estres-egoerak maneiatzen ikasteko. Talde bat goizez prestatuko da, 9:30etik 13:00etara, eta, bestea, arratsaldez, 16:00etatik 19:30era, biak astelehenetik ostiralera, eta, guztira, 159 formakuntza ordu osatuko dituzte.

Proiektu Bereziak gizarteratzeko eta laneratzeko jarduketa integralak dira, eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak eta esku-hartze mota desberdinak bateratu edo koordinatzen ditu. Proiektu horien bidez, prestakuntzaz gain, Lanbidek orientazio-ekintzak, lan-merkatuaren azterketa eta hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea bermatuko duten bestelako ekintzak finantzatzen ditu.

 

Comments are closed.