APNABIK AENdun pertsonen gizarteratzea errebindikatu du Autismoaren Munduko Egunean

APNABI Autismo Bizkaiak Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna ospatu du Bilbon, herri-jai errebindikatzaile bat antolatu duelarik nahaste hori ikusgarri egiteko gizartean. Ekimen horretan elkarrekin bildu dira autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonak eta beren senitartekoak, elkarteko profesionalak eta ezgaitasunaren munduko beste erakunde batzuetako kideak.

Urtero bezala, ekitaldian globo urdinak biodegradagarriak askatu dira eta autismodun pertsonen bizi-kalitate hobe baten aldeko mezuak plazaratu dira, helburua baita beren bizitza bete-betean bizi dezatela gizarteko kide bezala. Autismoaren elkarte mugimenduak abiarazi duen kontzientziazio-kanpainak AENdun pertsonen irudi egiazko eta positibo bat sustatu du, bide horretatik, ikusgarri egiteko beren errealitate eta premiak, eta baita ere beren talentu eta balizko gaitasunak.

Ekitaldian “dinamika berri bat” aldarrikatu da autismorako, bere bitartez aldaketa positiboak sustatzeko  AENdun pertsonen bizitzako arlo desberdinetan, eta beren gizarteratzea eta eskubideen egikaritzapena bultzatzeko.

 

157 diagnostiko berri egin dira 2018an

APNABI Autismo Bizkaia erreferentziazko elkartea da Autismoaren Espektroko Nahasteen (AEN) esparruan. Guraso talde baten ekimenez sortu zen duela 41 urte, jabetu baitziren ezinbestekoa zutela bat egitea beren seme-alabentzat etorkizun hobea elkarrekin eraikitzeko. Gaur egun 1.200 familia eta 250 profesional biltzen dira APNABI Autismo Bizkaia elkartera. Hasierako espiritu hari jarraiki, eta erakundeen nahiz bestelako eragile batzuen laguntzarekin, hainbat baliabide eskaintzen dituzte arreta goiztiarrerako, hezkuntzarako, eguneko arretarako, etxebizitzetarako, aisialdirako eta enplegu lagundurako, helburu honekin: behar bezala erantzutea kolektiboaren premiei.

2018an, APNABIk arreta eman zien Autismoaren Espektroko Nahastearen (AEN)  diagnostikoa edo halakoren bat izateko susmoa izan duten pertsonen 157 kasu berriri, eta pertsona horien adina 0 eta 66 urte artekoa da. Gehienek 6-18 urte bitartean dituzte.

Diagnostiko goiztiarra egiten bazaio pertsonari -bizitzako lehenengo hiru urteetan egiten dena- eta arreta goiztiar espezializatua eskaintzen bazaio, pertsona horrek hobekuntzak nabarituko ditu nahastearen bilakaeran. 2018an, tratamendua APNABIko arreta goiztiarreko zerbitzuan hasi duten haurren batez besteko adina 4 urtekoa da. Horrek esan nahi du AENaren diagnostiko espezifikoa berandu egiten dela eta horrek oztopatu egiten duela haurren tratamenduari buruzko erabakia.

2018an zehar APNABIn erregistratu diren autismo kasu berrien %88 gizonezkoak izan dira. Proportzioa egonkorra da urtez urte, eta horrek erakusten du emakumeen artean ez dela behar bezainbat detektatzen, bereziki adimen ezgaitasunik ez dutenen artean.

APNABIn atenditutako pertsona guztiak aztertuz gero eta gizon eta emakumeen proportzioari erreparatuz gero,  ageri da emakumeak azpidiagnostikaturik daudela Bizkaian. 2018ko datuen arabera, APNABIn 5,4 gizonezko daude erregistratuta emakumeko. Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) datuen arabera, mundu mailan hauxe da AENen prebalentzia sexuaren aldagaia kontuan hartuta: 4 gizonezko emakume bakoitzeko.

Gaur egun autismoari buruz egin diren azterlanetan ikus daiteke desberdintasunak daudela AEN bat duten gizonen eta emakumeen artean. Emakumeek interes handiagoa erakusten dute harreman sozialetarako eta komunikaziorako, sinbolismo handiagoa dute, eta horrek ezkutatu egiten du nahastea. Era berean, adimen ezgaitasunik ez duten AENdun emakumeen artean ez dira hain nabariak memoriarekin, malgutasun kognitiboarekin, hitz egiteko gaitasunarekin, motibazioarekin eta komunikazio sozialarekin lotutako zailtasunak.

 

100 lagunetik batek du autismoa

Autismoa duen pertsonak bizi osoan jasaten du gaitz hori. Ez da ezagutzen bere jatorri zehatza, eta seinale nabarmenenek lotura dute komunikatzeko, elkarreragin sozialerako eta hizkuntza arloetako alterazioekin, zeintzuek muga handiagoak edo txikiagoak sortzen baitituzte.

Azterlan epidemiologiko berriek erakutsi dutenez, 100 lagunetik batek Autismoaren Espektroko Nahasteren bat du. Oraingoz, arreta goiztiarra, hezkuntza eta laguntza pertsonalizatua dira pertsona horien eta beren familien bizi-kalitatea hobetzeko tresna bakarrak.

Comments are closed.