APNABIren egoitza berriaren inaugurazio ofiziala ººº

inauguración-apnabiAPNABIk martxoaren 21ean (ostegunean) inauguratu zuen bere Bilboko egoitza berria. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta elkarte honen (Mikel Pulgarin buru duena) Zuzendaritza Batzordeko hainbat kide.

Inaugurazio ekitaldian izan zirenek instalazio berriak bisitatu zituzten. Bilboko Sabino Arana etorbideko 69. zenbakian kokatutako instalazio horiek espazio bakarrean biltzen dituzte lehen San Inazio auzoko hainbat lokaletan ematen ziren zerbitzu guztiak: familientzako laguntza, kontsultak, arreta goiztiarra, aisialdia eta denbora librea, eta administrazio saila. Egoitza berriko instalazioetan bada autismodun pertsonentzako zentro okupazional bat ere.

APNABIren instalazio berriak (790 metro koadroko azalera dute eta kale-mailan daude) martxan jarrita, autismodun pertsonek eta beren familiek erantzun pertsonalizatu eta eraginkorra jasoko dute, zentro batetik bestera ibili beharrik gabe. Era berean, nabarmen hobetuko dira APNABIk eskaintzen dituen zerbitzuak autismodun pertsonen profil berriek dakartzaten premiei arreta eta estaldura hobea emateko.

Inaugurazio ekitaldian eman zuen hitzaldian, Mikel Pulgarín APNABIko presidenteak azpimarratu zuen egoitza berri hau jauzi kualitatibo bat dela elkartearen proiektua garatzeko, antolakunde sendo, parte-hartzaile eta solidarioa utzi nahi baitzaie belaunaldi berriei. Halaber, hizpide hartu zituen APNABI elkartearen bitartekoak: eskola bat hezkuntza bereziko 12 ikasgelarekin eta zerbitzu bat ikastetxe arruntetan ikasten duten 540 ikasleren jarraipena egiteko; 9 etxebizitza eta eguneko arretako 10 zentro; enplegu zentro berezi bat eta zentro okupazional bat; 24 garraio linea AENdun pertsonen joan-etorrietarako; arreta klinikoko zerbitzu bat eta aisialdi eta denbora libreko eta familien laguntzarako eremu espezifikoak. “Flota handi batez hornitu ginen, baina bandera-ontzia behar genuen. Horixe da egoitza berri hau –adierazi zuen Mikel Pulgarínek-. Instalazio berriak lagungarri izango dira gure helburuak betetzeko, hau da, gure seme-alabek behar duten arreta jaso dezaten eta aukerak eta laguntzak izan ditzaten beren bizi-proiektua aurrera eramateko. Gainera, instalazio berriek ikusgarritasuna emango digute eta lagungarri izango dira gizarteak hobeto ezagutu gaitzan”.

APNABIko presidenteak esan zuenez, “40 urtetik gora behar izan ditugu geure egoitza soziala izateko”, izan ere, orain arte hainbat tokitan sakabanatutako lokalak geneuzkan, baina ezin zen esan egoitza sozial bat genuenik. “Hau guztia ez zen posible izango -adierazi zuen Mikel Pulgarínek-, baldin eta duela 40 urte guraso-talde txiki bat batu ez balitz indarrez eta adorez beterik aurre egiteko euren bizitzetan sartu zen autismoaren mamuari”.

Bere hitzaldian adierazi zuenez, guraso haiek “beharrak bultzatuta aurrera egin zuten”, sinetsirik “posible zela autismodun seme-alaben bizi-kalitatea hobetzea, eta denborak arrazoia eman die”. “Duela 40 urte, autismoa medikuntzako eskuliburuetan agertzen zen termino bat baino ez zen, eta nahaste hori zuten pertsonak euren etxeetan isolatuta edo psikiatrikoetan gordeta bizi ziren” gogorarazi zuen Mikel Pulgarínek, “horregatik, guraso haien borondateak eta irmotasunak olatu bat sortu zuen, gaurdaino iritsi dena”.

APNABIko presidenteak gogoan izan zituen elkarteko profesionalak ere. Haien ahalegina eta bokazioa azpimarratu zituen eta esan zuen familien bidaide bereizezinak izango direla. “250 profesional eta 1.200 familia inguru bildu gara APNABIren inguruan —esan zuen— eta elkarte honetan aurkitu dugu gure eguneroko bizitzari aurre egiteko behar dugun lasaitasuna, laguntza eta indarra. Eguneroko bizitza hori ilundu egiten delako batzuetan, baina zorionez, ia beti ateratzen da eguzkia”. Era berean, eskerrak eman zizkien elkarteak gaur egun duen eredua indartzen lagundu duten instituzio eta erakunde guztiei.

Bilboren bihotzean

inauguración-apnabiBestalde, Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak adierazi zuen “mundu osoko espezialistak buru-belarri ari direla lanean autismoaren sekretuak argitzeko, eskaintzen den arreta berritzeko eta autismodun pertsonen nahiz euren familien bizitza hobetzeko”. Orobat esan zuen “lokal berriei esker APNABIk gaitasun handiagoa izango duela arreta eskaintzeko Bilboren bihotzean”. Halaber, sailburuak adierazi zuen autismodun pertsonen premiak “eta ezgaitasun bat duten pertsonenak berdintsuak direla, funtsean, behar duten laguntza eman behar zaielako bizitza independente bat izan dezaten, eta horren eredu dira Euskadiko maila instituzional guztietan garatzen ditugun programak, zerbitzuak eta baliabideak, batzuetan geure ekimenekoak eta, beste batzuetan, lankidetza estuan garatzen ditugunak hirugarren sektoreko erakundeekin, besteak beste, APNABIrekin (eta beste hainbat elkarterekin)”.

Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak “baliabideak eta laguntza ematen dizkio APNABIri eta autismoaren espektroko nahasteak dituzten pertsonek eta euren familiek etorkizun hobea izateko lan egiten duten beste erakunde batzuei”. “Euskadi Europa osoko eredutzat jarri ohi da gizarte- eta osasun-arretaren hainbat esparrutan, eta hori horrela da erakundeek, espezialistek eta, batik bat, senitartekoek eta APNABI bezalako elkarteek egiten duten lanagatik” adierazi zuen sailburuak.

Arreta eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidea

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hauxe esan zien inaugurazio ekitaldira hurbildu zirenei: “borondate politikoari esker ere lortu da aldarrikapen hutsa zena arreta eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide izan dadila, alegia, epaimahaien aurrean aldarrikatu daitekeen eskubide subjektibo bihurtu dadila”. “Norabide egokian goaz, baina ziur nago geratzen zaigun bidea askoz luzeagoa dela dagoeneko egin duguna baino” esan zuen APNABIko guraso, erabiltzaile eta profesionalei eskerrak ematean. Baita ere esan zuen: “zuek erakutsi diguzue zein garrantzitsuak diren arreta goiztiarra, denbora librea, atsedena edo familientzako aldi baterako egoitzak”. “Erakutsi diguzue pertsonek gaitasun desberdinak ditugula, baina laguntza egokiekin denok gai garela ahalik eta bizitza autonomoena egiteko” –azpimarratu zuen.

Gizartera irekitzea

Azkenik, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eskerrak eman zizkion APNABIri egiten duen lanagatik, “beste pertsona batzuei laguntzen dieten pertsonak izateagatik, pertsona guztiek merezi dutelako pertsonak bezala bizitzea, denok dugulako eskubidea ahalik eta bizitza onena izateko”. “APNABIko familia eta profesionalok lortzen duzue hori eta eredugarri zarete” adierazi zuen ahaldun nagusiak.

Ofizialki inauguratutako instalazio berriei buruz, Unai Rementeriak esan zuen “ez da egoitza bat bakarrik, baita ere opari bat gizarte osoarentzat, kale-mailan eta Bilbo erdi-erdian”. “Gizarteari ere laguntzen diozue eta urrats bat gehiago da lortu nahi dugun inklusiorako bidean” nabarmendu zuen. Beti esan izan da autismoak “beren baitan giltzapetzen dituela pertsonak”; bada, egoitza hau “guztiz kontrakoa da, errealitate hori zabaltzen duelako gizartearekin gehiago konektatuz”

Comments are closed.