APNABIk hitzarmen bat sinatu du Osakidetzarekin, desgaitasun intelektuala duten pertsonen laneratzea bultzatzeko

APNABI Autismo Bizkaiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Osakidetzarekin, desgaitasun intelektuala duten pertsonak Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko lanpostuetan sartzea eta sendotzea helburu duena. Akordio honetan Gaude, Euskadiko Down Sindromea Fundazioa, Lantegi Batuak, Gureak Araba eta Gureak elkarteek ere parte hartu dute.

Testua Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu eta Osakidetzako Administrazio Kontseiluko presidente Gotzone Sagarduik sinatu du azaroaren 10ean, aipatutako erakundeetako ordezkariekin – guztiak ere EHLABEn (Desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeen euskal elkartea), FEVAS Plena Inclusión Euskadin (Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen aldeko Erakundeen Euskal Elkartea) eta Euskadiren Babesa duen Enplegu Foroan –. Testuaren helburua da desgaitasun intelektuala duten eta Osakidetzan zerbitzuak ematen hasten diren pertsonek lanpostura egokitzeko eta bertan lan egiteko erraztasunak eta laguntza ematea.

APNABIk, gainerako erakundeekin batera, ontzat jo du hitzarmen hau, gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko aurrerapausoa baita. Gainera, azpimarratu dute eragileen arteko lankidetza, zehazki Administrazio Publikoaren eta Hirugarren Sektorearen artekoa, ezinbestekoa dela desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunean aurrera egiteko.

Lan-eskaintza publikoak

Osasuneko sailburuak adierazi du akordioak esparru horretako lankidetza sendotzea eta, batez ere, adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzean eta laneratzean aurrera egiten jarraitzea dakarrela. Ildo horretan, gogorarazi zuen Osakidetzak dagoeneko onartu dituela, eta bide horretan jarraitzeko asmoa duela, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat gordetako lanpostuak dituzten Enplegu Publikoko Eskaintzak, hainbat lanbide-kategoriatan.

Gotzone Sagarduik bereziki nabarmendu du APNABI bezalako erakunde sinatzaileek egiten duten funtsezko lana adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta haien bizi-kalitatea hobetzeko eragile aktiboak sustatzeko. Horretarako, laguntza- eta kalitate-programak eskaintzen dituzte, haien eta familien beharretatik abiatuta, herritar gisa erabat gizarteratzen eta gizartean parte hartzen laguntzeko. Sinatutako hitzarmenaren indarraldia 4 urtekoa da, luza daitekeena. Hitzarmenaren garapena alderdi guztien ordezkariek osatutako Jarraipen Batzorde batek ebaluatuko du.

ℹ Informazio gehiago eskuratu eta sinaduraren bideoa esteka honen bidez ikus dezakezu.

Comments are closed.