APNABIk jaso du ONCEren Urrezko Txintxarria

APNABI Autismo Bizkaiak jaso du ONCE Euskadik sustatzen duen 2019ko Bilboko Urrezko Txintxarria. Aitortza hori gaur eman zaio, ekainaren 8an, Bilbon “gizarte inklusibo baten alde” egin den XVII. Txintxarri Lasterketa amaitzean.
APNABI Urrezko Txintxarri izendatua izan da, berau izan delako boto gehien jaso duen erakundea ONCEk bere webgunean antolatzen duen bozketa herrikoian. ONCEk bereizgarri hori ematen die ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzean laguntzeagatik eta gizarte berdinzaleago bat lortzen saiatzeagatik nabarmendu diren antolakunde edo pertsonei.
ONCEk sariketaren deialdian esan duenez, hautagai gisa aukeratu dute APNABI, bere 40 urtetik gorako ibilbidean erreferentziazko antolakunde bihurtu delako Autismoaren Espektroko Nahasteetan. APNABI elkarteak -1.200 familia eta 250 profesional inguruz osaturik dagoenak- hasieratik eskaintzen du zerbitzu-sare eta jarduera-programa zabal bat, helburutzat hartuz autismodun pertsonei kalitatezko erantzun integral eta pertsonalizatua ematea beren bizi-ziklo osoan.
Txintxarri lasterketa
Txintxarri Lasterketaren helburua da gizarteari ikusaraztea asko geratzen zaigula oraindik gizarte inklusibo bat lortzeko.  Parte-hartzaileek korrika edo oinez egin dute proba. Helburua ez da irabaztea ez eta lehenengoa iristea; kontua da parte hartzea eta jende gehiago batzea gizarte inklusibo bat lortzeko aldarrikapenera. 

Comments are closed.