APNABIko EAZetako emakumeen irakurketa klubak topaketa berri bat antolatu du

Ekainaren 22an, osteguna, “Emakumeak ipuin artean” jardueraren bigarren topaketa izan zen, APNABIren eguneko arretarako zentroetatik (EAZak) bultzatua. Hala, hainbat emakume bildu ziren Iralako liburutegian (Bilbo), Patricia Fittiren «Urdina izan nahi ez zuen haurra. Arrosa izan nahi ez zuen neskatoa» obraren irakurketa partekatzeko. Jarduera hau berdintasunaz sentsibilizatzera bideratuta dago.

Dinamika hau martxoaren 8an hasi zen, Emakumeen Nazioarteko Egunean, autismoa zuten hainbat emakume eta Derio, Deustu, Garamendi eta Iralabarriko eguneko arretako zentroetako profesionalak elkartu zirenean irakurketa errazeko saio bat partekatzeko.

Parte-hartzaile batzuek beren balorazioa helarazi nahi izan dute:

Sara, Derio EAZ: “Asko gustatu zitzaidan, inoiz ez bainintzen egon beste emakume batzuekin ipuin bat irakurtzen eta hausnartzen, esperientzia ahaztezina izan da. Ipuina emakume guztien artean irakurtzeaz gain, feminismoarekin lotutako gaiei buruz ere eztabaidatzen dugu: berdintasuna, hezkuntza, emakumearen eskubideak, sexualitatea eta askatasuna. Kide batek oso proposamen interesgarria egin zuen: emakume migratzaileei laguntzeko helburuarekin, emakumearen eskubideei eta ahalduntzeari buruzko esaldiekin pankarta bat egitea proposatu zuen. “

Dayana, Derio EAZ: “Lehenik ipuin bat irakurri genuen eta ondoren ideia ezberdinei buruz hitz egin genuen: Emakumeak nahi dutena izan daitezke, beren kabuz erabaki dezakete, eta ez tentelak balira bezala tratatu. Gizon guztiek ondo tratatu behar dituzte emakumeak. Beste emakume batzuek taldean parte hartzera animatu nahi nuke. Ni oso ondo sentitzen naiz taldean. Hurrengo topaketan beste aukera edo ekimen batzuk bilatu nahiko nituzke. Pankartak idatz genitzake elkarrekin. “

Esti, Txurdinaga EAZ: “Asko gustatu zitzaidan. Oso kolore biziko ipuina da, niri atentzioa ematen zidana. Niri izugarri gustatu zitzaidan elkartzeko eta liburua irakurtzeko aukeratu genuen lekua, eta, batez ere, nire iritzia ematea. Hori da gehien gustatzen zaidana, hitz egitea eta entzutea. “

Irati, Iralabarri EAZ: “Gustora egon nintzen, beste zentroetako neskak ezagutu nituen. “

Aitziber, Iralabarri EAZ: “Denok iritzia ematea gustatu zitzaidan, eta berriro errepikatuko nuke. Oso gustura nengoen. Eta gai interesgarri asko atera ziren, eta gure esperientziez ere hitz egin genuen, eta pilo bat gustatu zitzaidan. “

Comments are closed.