Arrigorriagako EAZak 15 urteko ibilbidea egin du

Euskararen Eguneko jaia, Arrigorriagako zentroan.

Apirilaren 25ean, larunbata, Arrigorriagako eguneko arreta zentroak, EAZ, 15 urte bete zituen. Efemeridea alerta-egoeran heldu da, eta, beraz, ospakizunak atzeratu egin behar izan dira ohiko jarduerari berriro ekiten zaion unera arte. Jaia antolatuko dute erakundeko beste zentroetako pertsonak biltzeko eta denen artean ospatzeko. Bideo oroigarri bat egiteko asmoa ere badute.

APNABIren zentro horrek 30 erabiltzaile eta 10 profesional ditu gaur egun. Egunez, jarduera ugari egiten dituzte autismoaren espektroko nahasmenak (AEN) dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Cristina García zentroko koordinatzaileak azaldu duenez, horiek guztiak “ongizatea sustatzera bideratuta daude, osasun-mailan, eta helduen bizitzarako trebetasunak hartzera, baita komunitatean presentzia eta parte-hartze handiagoa izateko tresnak eskuratzera ere”. Azken urteotan lan-dinamikak aldatuz joan dira, eta, hain zuzen ere, azken helburu horretan, ingurunean parte hartzea sustatzean eta EAZko baliabide espezifikoak erabiltzean jarri dute arreta, pertsona bakoitzaren ezaugarri eta interesetara eta zentzumenen sentsibilitateetara egokitutako erantzun indibiduala emateko.

Esker onak

APNABIren eguneko arretarako beste zentro batzuk bezala, lan egiten jarraitzen dutela azpimarratu du taldeak, nahiz eta egoera berezia izan. Ohiko errutinari berriro heldu ondoren, lanean jarraituko dute: “Ildo beretik jarraituko dugu, AENa duten erabiltzaileek bizi-kalitate hobea izan dezaten, hori da gure egitekoa”. Profesional guztiek lan handia egiten dute pertsonen gaitasunak mantentzen eta zabaltzen, eta haien ongizate fisiko eta emozionala hobetzen laguntzeko, bizitza komunitarioan sartuz. EAZko taldeak eskerrak eman nahi izan ditu: “Eskerrik asko 15 urte hauetan hemen egon diren eta gaur garena izaten lagundu diguten guztiei. Eskerrik asko!”

Comments are closed.