Bilbobusek APNABIrekin lankidetza egin du berriz, bere flotaren irisgarritasuna hobetzeko

APNABI Autismo Bizkaia elkarteko autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten pertsonek eta profesionalek parte hartu dute, bigarrenez, Bilbobuseko instalazioetan eta zerbitzuetan irisgarritasun unibertsala hobetzeko diagnostikoa egiten. Lankidetza berri hau FEVAS Plena Inclusión Euskadi eta Puntodis enpresa espezialistarekin harreman estuan garatu da.

APNABIren parte-hartzearekin, Bilboko hiri-garraioko zerbitzuak bere autobus-flota berrirako hobekuntzak aztertu eta planteatu nahi zituen, baita autobus turistikoa, ikasgela-autobusa, informazio-totemak eta turismoko web orria ere. Hori guztia joan den urrian hasitako proiektu global baten barruan kokatzen da, eta horren inguruan gehiago jakin daiteke Puntodisek argitaratutako albistea irakurtzeko esteka honetan klik eginez. Joan den uztailaren 15ean, Bilbobuseko Elorrieta auzoko bulegoetara eta kotxe-geletara joan ziren San Inazioko Eguneko Arretarako Zentroko (EAZ) bi erabiltzaile eta profesional bat. Han, Puntodiseko arduradun baten laguntzarekin, balioztatze-taldeak ebaluazioa egin zuen.

Parte-hartzaileek, besteak beste, autobusen kanpoaldeko seinaleak identifikatzeko zailtasuna nabarmendu zuten, batez ere turistikoaren kasuan, haren diseinuak irudiak eta hitzak nahasten baititu. Halaber, autobusen barruko informazio-kartelak irisgarriak ez direla azpimarratu zuten. Gai horiek eta beste batzuk Bilbobusera eta Puntodisera helarazi dira txosten baten bidez.

Aurreko esperientzia

APNABIk Bilbobusekin duen bigarren lankidetza da honakoa. Lehenengoa 2019an izan zen, eta web-orriaren, aplikazio mugikorraren, 13. lineako autobus batzuen, geltokien eta markesinen eskuragarritasun kognitiboan oinarritu zen. Esperientzia horri eta haren ondorioei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.

Irisgarritasunaren garrantzia

Era horretako lankidetzek inguruneko espazio, zerbitzu eta programen irisgarritasuna nabarmen hobetzen laguntzen dute, pertsona guztien autonomia eta bizi-kalitatea erraztuz, ez bakarrik AEN, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonena, baita adinekoena edo atzerritarrena ere. Izan ere, horrelako esperientzien bidez, jarduera jakin batzuk egitea oztopa dezaketen gauzak nabarmentzen dira, bai eta edozein pertsonak modu autonomoan parte hartzeko eta gozatzeko lagungarri izan daitezkeen konponbideak ere, edozein direla ere bere gaitasunak, beharrak edo itxaropenak.

Comments are closed.