Bilboko Udalak APNABIren lana aitortu du osasun komunitarioaren arloan

Mikel Pulgarinek, APNABIko presidenteak, jaso zuen aitortza. // Bilboko Udala

Apirilaren 7ko Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak publikoki adierazi, eskertu eta omendu nahi izan ditu osasun-arloko Bilboko zenbait elkartek egiten duten lana, baita kolektibo horietan aktiboki parte hartzen duten pertsona guztiak ere. APNABI Autismo Bizkaiak sari hauetako bat jaso du osasun komunitarioaren arloan egiten duen lanaren aitorpen gisa.

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin zen ohiko aintzatespen-ekitaldia, eta Bilboko alkateorde eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzaile Alfonso Gil eta Osasun eta Kontsumoko zinegotzi Yolanda Díez izan ziren buru. Mikel Pulgarín APNABIko lehendakariak jaso zuen saria, elkarteko kide guztien izenean.

Aurten XI. edizioa bete duten sariak Bilbo-Basurtoko ESIri eta Bizitegi, La cruz de oro eta Avifes elkarteei ere eman zaizkie. Horrekin, gainera, Udalak omenaldi berezia egin nahi izan die COVID-19ak eragindako pandemiaren faseetan hartutako neurriak bereziki gogor jasan dituzten pertsonei, hala nola koarentenak, distantzia soziala eta konfinamendua. Birusaren transmisioa murrizteko eraginkortasuna frogatu duten arren, egoera estresagarri horiek, norberaren pandemiaren ziurgabetasunarekin eta bizitako esperientzia traumatikoekin batera, eragin negatiboa izan dute biztanleria orokorraren osasun mentalean, baina, neurri handiagoan, aurretik buruko arazoak edo ezintasunak zituzten pertsonengan. Horregatik, erakunde horien laguntza-lanak balio handiagoa hartu du.

Comments are closed.