Bilbon Eguneko Arretarako Zentro berri bat irekitzeko azken prestakuntzak egiten ari da APNABI

APNABI Autismo Bizkaia azken xehetasunak lotzen dabil hurrengo asteetan Eguneko Arreta Zentro (EAZ) berri bat irekitzeko Bilboko Iralabarri auzoan. Orain arte Enekuri eta Blas de Otero zentroetan laguntza jasotzen zuten autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten 35 pertsonak eramango ditu bertara.

Aldaketa hori errazte aldera, joan den urriaren 23an, elkarteak ate irekien jardunaldia eskaini zien familiei eta laster bertan izango diren AEN duten pertsonei. Ekitaldian zehar iritziak partekatu, zalantzak argitu eta zentroa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, zerbitzuaren eta antolaketaren arduradunen jarraibideen bitartez. Une horretan Bizkaian indarrean zeuden COVID-19 delakoaren aurkako segurtasun eta prebentzio neurriei jarraituz egin zen bisita.

🎥 Ikusi hemen jardunaldiko laburpen-bideoa

📸 Ikusi hemen jardunaldiko argazki albuma

Erreferentzia-zentroa

Bestalde, APNABIko lehendakariak, Mikel Pulgarinek, bere hitzaldian nabarmendu zuen zentro hau “elkartearen bandera-ontzi berria dela, ez bakarrik bere tamainagatik, baita kokapenagatik ere”, baita etorkizunari begira dituen aukerengatik ere. Era berean, azpimarratu zuen “aurrerapauso bat dela autismoa duten pertsonen bizitza ahalik eta onena izateko aurretik dugun bide luze horretan”. Maider Ugartek, zentroko lantaldea gidatuko duen profesionalak, instalazioen potentziala nabarmendu zuen, “pertsonen bizitza-proiektua bultzatzeko” duten lan hori errazteko.

Instalazio hobeak

Iralabarriko EAZan, mutil eta neska horiek aurreko zentroetan baino instalazio zabalagoak eta hobeto kokatuak eta konektatuak izango dituzte. Gainera, baliabide egokiagoa da APNABIko profesional-taldeak eskaintzen duen laguntza-jarduera garatzeko. Talde txikitan egindako tailerren, jarduera egokituen eta era askotako laguntza-programen bidez pertsonen gaitasunak hobetzea du helburu.

Instalazioak Bilboko auzoko San Luis Beltrán parrokiaren azpian daude. Kanpoko gune handi batez gain, 1.000 m2-ko eremua du, leiho handiei esker oso argitsuak diren areto erosoetan banatuta. Instalazio funtzionalenez gain –sukaldea, jantokia, komunak eta aldagelak–, zentroak ekitaldi-areto handi bat du, 100 pertsona baino gehiagoko edukiera duena, eta aukera handiak eskaintzen dizkie bai zentroko erabiltzaile eta profesionalei bai erakunde osoari ere.

Gaur egun, APNABIk eguneko zentroetan AEN duten 217 pertsona hartzen ditu, 161 gizon eta 56 emakume. Eta 71 laguneko talde profesional batek egiten du zuzeneko arreta. Baliabide berri hau APNABIk gaur egun Bizkaian dituen eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatuta kudeatzen dituen eguneko beste 8 zentroetara batzen da.

Comments are closed.