Deseskalada aurrera doa, eta APNABIk bere zerbitzuak pixkanaka berraktibatzen jarraitzen du

APNABI Autismo Bizkaiak urratsak ematen jarraitzen du Covid-19ren aurkako konfinamenduaren ondoren. Erakundeen jarraibideei eta indarrean dagoen araudiari jarraiki, azken asteetan elkatearen zerbitzu batzuk berriro aktibatu dira, nahiz eta aldaketa batzuk egin diren, gaixotasuna berriro ager ez dadin segurtasun-neurrien eta protokoloen ondorioz.

Aisialdi arloa
2020ko udarako aurreikusitako jarduerak berriz diseinatuko ditu alorreko taldeak egunotan. Pandemiaren ondorioz, oporren eskaintza ez da bideragarria programatuta zegoen bezala; beraz, udan aisiaz gozatzeko aukera emango duen alternatiban lanean daude, segurtasun neurriak eta protokoloak errespetatuz. Hau da, jarduera birbideratuko da indarrean dagoen araudiari jarraiki. Laster eskaintzaren berri emango da: eguneko irteerak, txangoak, udako klubak, naturako jarduerak, etab. APNABIren udako proposamena familiei laguntzeko arloaren eskaintzarekin osatuko da.

 

Familiei laguntza

Egun hauetan taldea udako eskaintzaren formula berrirako azken xehetasunak lantzen ari da. Formula hori indarrean dagoen araudiari egokituko zaio eta, ondorioz, beharrezkoak diren protokoloek markatuko dute. Ekaina eta iraila bitartean luzatuko da, eta udaleku irekietan eta asteburuko arnasketetan oinarrituko da. Arlotik eskaintzaren berri ematen hasi dira.

Aldamiz ikastetxea
APNABIko ikastetxeko irakasle taldea hainbat lerrotan lanean ari da 2019-2020 ikasturtea ixteko. Familiekin aurrez aurreko bileren eta bilera puntualen bidez, ikasleek eta familiek aldiaren balorazioa egitea nahi dute, 2020-2021 ikasturterako eskaerak eta iradokizunak jasotzeko. Ikastetxeko eta gizarte-inguruneko bizikidetza-ohitura berriei buruzko tailerrak eta jarduerak ere eskaini nahi dituzte, indarrean dagoen segurtasun-araudia kontuan hartuta.

Arlo soziolaborala
Arloko taldeak ez du bere jarduera eten konfinamenduan, eta Enplegu Lagundua programan murgilduta dauden pertsona guztiei eskaini die laguntza; izan ere, pertsona horiek ere ez dute beren jarduera gelditu –horietako asko funtsezko zerbitzuetako enpresetan ari dira lanean–. Azken aste hauetan, ABEEetan izan diren enpresak ere lanean hasi dira.

Zentro okupazionala, berriz, maiatzaren 13tik dago aktibo, eta enpresetarako ekoizpen-jarduerari ekin dio berriro. Oraingoz 9 pertsona baino ez dira joaten, ordutegi murriztuan, 9:30etik 13:30era. Ekainaren 8an hasiko da berriro lanaldi osoa.

Prestakuntzaren arloan, alorrak bere ikastaro batzuk online modalitatera egokitu ditu. Lanberri proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, telematikoki eskaintzen da maiatzaren 18tik aurrera, baita Lanbideren Proiektu Berezia ere, C2B-k modu berean eskaintzen duena.

Etxebizitzen arloa
APNABIko etxeen jarduera 24 ordukoa izatera pasatu zen konfinamenduan, eta, horretarako, langileak berrantolatu behar izan ziren zentro horietan profesional gehiago izateko. Maiatzeko azken asteburutik, familiek bisitak egin ahal izan dituzte etxeetara. Higiene- eta segurtasun-neurriei eutsiz, familiek aukera izan dute hurbileko inguruan paseoak egiteko, zenbait astez seme-alabekin izan duten kontaktu bakarra bideo-deia izan ondoren.

Eguneko arretarako zentroak
Zerbitzua maiatzaren 20an jarri zen martxan berriro, Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatuta. Hala, APNABIk 8 zentro ireki ditu eta gaur 26 pertsona helduk erantzun dute. Ordutegia aldatu egin behar izan da eta orain goizez bakarrik eskaintzen da zerbitzua, 9:30etik 13:30era, otordu zerbitzurik gabe. Azken aste honetan 4 garraio-linea aktibatu dira: Ermua-Arrigorriaga Muskiz-Arrigorriaga, Sopelana-Areeta eta Portulagete-Txurdinaga. Lehenengo esperientziak ebaluatuko dira, pixkanaka zerbitzua beste zentro batzuetara zabaltzeko.

Kudeaketa eta administrazioa
APNABIko administrazio-taldeak elkartearen eta hura osatzen duten pertsonen beharrei euskarria ematen jarraitu du. Telelana eta aurrez aurreko jarduera konbinatuz, zentroetako mantentze-lanak, profesionalen kudeaketa, euskarri informatikoa, diru-laguntzen eta diruzaintzako kudeaketa eta on line edo urrutiko ikastaroetara egokitu den prestakuntza-eskaintza mantendu ditu, konfinamenduan oraindik ere parte hartzea bultzatzeko.

Profesionalen kudeaketari dagokionez, talde profesionalaren eta zerbitzuen beharrei lagundu zaie, AENa duten pertsonei eta haien familiei erantzun onena emateko. Aipagarria da, halaber, garai honetan indartu dela prestakuntza eskaintza. APNABIk ikastaro asko online edo urrutiko formatu batera egokitu ditu, konfinamenduan oraindik ere parte-hartzea bultzatzeko. Laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez, erakundearentzako osasun- eta prebentzio-protokoloak koordinatu dira, Osalan, Epidemiologia edo Osakidetza bezalako administrazio eta erakunde publikoekin lankidetzan, eta Estatuan, Plena Inclusión Konfederazioaren bidez.

Comments are closed.