Mikel Pulgarinen, APNABIko presidentearen, gutuna familiei koronabirusaren osasun-alerta dela eta

Familia agurgarriak,

Koronabirusaren (COVID-19) pandemiak eragindako osasun-krisiak gure bizitza eta gure familiena aldatu ditu aldi baterako. Gizakiaren onena probatzen duten ziurgabetasun- eta larritasun-egunak bizi ditugu. Pentsa dezakezuenez, egoera hori are larriagoa da nahasmenak ezgaitasunaren inguruan eragiten duenean, eta, horren barruan, berez bereziki ahulak diren kolektiboak.

Gaur egungo eszenatokiaren aurrean, pazientzia hartu, lasaitasuna izan, denok barruan daramagun zuhurtzia piztu eta agintarien gomendioei eta aginduei jarraitu besterik ez dago. Horrekin batera, ona da ohartzea egoera hau iragankorra dela, goizago edo beranduago pasako da, baina sakrifizioak, ahaleginak eta zenbait etsipen beharko ditugu. Ez dago ezer berririk gure bizitzako egun guztietan autismoaren espektroaren nahasteekin (AEN) bizi garen milaka familientzat, eta gertatzen dena gertatzen dela, etorkizunean ere hala izaten jarraituko dugu.

Eta APNABIko familiek 40 urtez baino gehiagoz elkarte-bizitzan metatu dugun bizi-esperientzia hori baliatu nahi dut, gure elkarteko 1.200 familia baino gehiago ordezkatzen dituen Zuzendaritza Batzordearen izenean, lasaitasun-mezu bat bidaltzeko. Jakinarazi nahi dizugu autismoaren espektroaren nahasmena duten gure seme-alabak eta senitartekoak beti bezala artatuko dira, hori bai, osasun-, hezkuntza- eta gizarte-agintariek ezartzen dizkiguten protokoloen eta errutinen murrizketa eta aldaketa logikoekin.

Gure talde profesionalei bihotzez eskertzen diegu egiten ari diren ahalegin handia, izan ere, zerbitzuen estaldura eta kalitate maximoari eusteko eta irtenbide alternatiboak bilatzeko lanean jarraitzen dugu. Hala eta guztiz ere, baliteke denboraldi batez gure jarduera eta errutinetako aldaketa eta muga batzuekin bizi behar izatea. Horregatik, zuen ulermena, laguntza eta lankidetza eskatzen dizuegu.

APNABIko arloetako arduradunak zuekin harremanetan jarri dira dagoeneko, eta harremanetan jarraituko dute aldian-aldian, zuen seme-alaben eta senideen laguntzearekin zerikusia duten arlo eta zerbitzu zehatzetan gerta daitezkeen gorabeheren eta aldaketen berri emateko. Informazioa eta gardentasuna izango dira familiekiko komunikazioaren oinarri uneoro.

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen laguntzagatik. Eta, beste behin ere, gustatuko litzaiguke gure elkartea, APNABI, honaino iristea ahalbidetu duen espiritua gogoan izatea, jaio eta 42 urtera, bizitzak aurrean jarri dizkigun oztopo ugari eta gogorrak gaindituz. Espiritu hori familietan gailentzen den bera da, eta, ezbeharrak gorabehera, pertsonak proiektu beraren, helburu beraren eta, batez ere, etorkizun komunaren mende mantentzen dituena. Ez dezagun inoiz ahaztu APNABIn familia garela eta horrek indartsu egiten gaituela.

Eskerrik asko!

Comments are closed.