APNABI Autismo Bizkaia elkarteko 200 familia inguru bildu dira antsietateari buruzko prestakuntza-jardunaldi batean. Topaketa horretan hizpide hartu dira antsietatearen agerraldiak, antsietatea eragin dezaketen faktoreak eta erregulazio emozionalerako prozedurak, horrelako egoerak lantzeko autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonekin. APNABI Gela foroaren barruan antolatu da jardunaldia, foro horixe baliatzen baitu Elkarteak bazkide diren familien prestakuntza sustatzeko eta, horrela, autismodun pertsonak zaintzean eta arreta ematean sortzen diren zalantza eta kezkei erantzuteko.
Marisa Pacheco psikologoa eta Madrilgo Deletrea taldeko (Psikologia eta Lengoaia Zentroa) terapeuta izan da jardunaldiko hizlaria, eta aipatu du AENdun pertsonak ahulagoak direla antsietatearekiko, ez dakitela erregulazio estrategiak erabiltzen, modu intentsoagoan erantzuten dietela karga emozionala duten estimuluei eta denbora gehiago behar dutela oreka emozionala berreskuratzeko.
Antsietatea eragin dezaketen faktore ohikoenak aipatzean, Marisa Pachecok hauexek nabarmendu ditu: komunikatzeko eta pertsona arteko harremanak kudeatzeko zailtasunak, porrot egiteko eta kritikak jasotzeko beldurra edo pentsamendu ezkorrean oinarritutako estilo kognitibo bat.
Hizlariak azpimarratu du antsietateak larriagotu egiten dituela AENen berezko sintomak eta egoera emozional ez-erregulatuak direla jarrera desorekatu askoren jatorria. Zentzu horretan, adierazi du erregulazio emozionala pronostiko on baten adierazlea dela –hainbat ikerketaren arabera- eta, gainera, ikasteko eta gizartean inplikatzeko jarrera hobea izatea ahalbidetzen duela. “AENdun pertsonekin esku hartzean erregulazio emozionala hartu behar da oinarritzat –esan du-“.
Marisa Pachecok autismodun pertsonekin sustatu behar diren gaitasunen zerrenda bat egin du, beren emozioak hobeto erregulatzen laguntzeko. Besteak beste, aipatu ditu beren burua erregulatzen ikastea, gatazkak konpontzea, malgutasun kognitiboa eta jarreren malgutasuna, gaitasun sozio-komunikatiboak eta beldur nahiz fobiei aurre egiteko estrategiak. Era berean, esan du ezinbestekoa dela aldaketak egitea ingurune fisiko nahiz sozialean, estimulu gainkargak eta egoera etsigarriak saihesteko eta ziurgabetasunak murrizteko. AENdun pertsonaren izaera errespetatzen dugun neurrian, baldintza egokiak sortuko ditugu emozio ez-erregulatuak saihesteko, esan du hizlariak. “Haurrari gaitasun kognitiboak erakusten hasi baino lehen, ingurune jasangarri bat sortu behar dugu berarentzat. Haur batek ezin du ikasi etengabe badago antsietatearen pean. AENdun pertsona bati hobetzen laguntzeko modurik onena da -esan du- geure jarrerak, jokabidea eta eskaintzen ditugun laguntzak aldatzea”.