APNABIk nazioarteko psikomotrizitate-mintegi batean partekatu ditu bere esperientziak gorputz-lanetan

Hitzaldiaren une bat. // APNABI

Vega Marquetak, APNABI Autismo Bizkaiko Arrigorriagako Eguneko Arreta Zentroko hezitzaileak, joan den larunbatean, uztailaren 11n, parte hartu zuen Txileko psikomotrizitateko CICEP zentroak antolatutako nazioarteko mintegi batean. Bere hitzaldian, “AEN dun pertsona helduaren gorputza, komunikaziorako eta munduarekiko harremanetarako motorra” izenburupean, elkartea zentro horretan egiten ari den gorputz-lanaren proiektuaren gako batzuk azaldu zituen. Autismoaren espektroaren nahasmena (AEN) duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea du helburu.

Proiektu hori APNABIren zentroan zenbait jarduketa lerroren bidez garatzen da: gimnasia saioak, ibilaldiak, igerilekuko jarduerak, psikomotrizitatea eta estimulazio multisensoriala. Horrela, AEN duen pertsonaren ongizate fisiko eta emozionala hobetzen laguntzen da, bere bizi kalitatean eragin positiboa izan dezan, bere gaitasun pertsonalak edo laguntza beharrak edozein direla ere.

Hitzordu digitalean, CICEPeko psikomotrizitateko adituek hartu zuten parte; besteak beste, Pablo Bottini argentinarrak eta Marcela Hernández txiletarrak. Horrez gain, munduko beste leku batzuetako erreferenteak ere izan ziren, besteak beste, Miguel Llorca, Tenerifeko La Lagunako Unibertsitateko irakaslea, Dayse Campos brasildarra eta Alfonso Lázaro psikomotrizista. Horrek guztiak zenbait proiektu eta ekimen interesgarri bateratzea ekarri zuen.

Comments are closed.