APNABIk proiektu bat garatu du Bilboko autobusen irisgarritasun kognitiboa hobetzeko

APNABI Autismo Bizkaiak proiektu bat garatu du autismoaren espektroko nahasteak (AEN) eta adimenaren edo garapenaren ezgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasun kognitiboa hobetzeko Bilboko autobus urbanoek egiten dituzten joan-etorrietan. Proiektu honen azken helburua da pertsona horiei autonomia ematea eta, horrela, euren bizi-kalitatea hobetzea.

FEVAS Plena Inclusión Euskadi, EHLABE eta Lantegi Batuak erakundeekin batera 2019an zehar garatutako proiektu honek azterlan bat du oinarri, zeinaren bidez identifikatu baitira garraio-bide hau ulertzea eta erabiltzea oztopatzen duten elementuak, eta arazo horiek hobetzeko proposamenak. Hala, AENdun bederatzi pertsonak eta APNABIko lau profesionalek osatutako lantalde batek prozesu bat garatu du Bilbobus-ek lau bitarteko desberdinetan eskaintzen duen informazioa ebaluatzeko: web orrian; aplikazio mugikorrean; 13. lineako (Txurdinaga eta San Inazio auzoen artekoa) autobusetan eta geltoki eta markesinetan.

Azterlanak ateratako ondorioen arabera, webgunea “nahiko” intuitiboa eta egokia da. Zailtasun gehienak atal desberdinak izendatzeko erabiltzen diren terminologiari buruzkoak dira. Hala, ebaluazio taldeak “Bilbobus lineak” terminoa ordezkatzea proposatu du, eta “Bilbobus-en ibilbideak” erabiltzea. Era berean, izendapen hauek aldatzea planteatu du: “Azken ordua” erabili beharrean, “Albisteak”; eta “Tarifak” erabili beharrean, “Prezioak”, horrela errazago identifikatzeko.

Aplikazio mugikorrari dagokionez, txostenak dio baliagarria eta intuitiboa dela, baina laukitxoen eta letra-tipoaren tamaina handitzea proposatzen da.

Bestalde, lantaldeak eginiko ebaluazioaren arabera, Bilbobus-en geltoki eta markesinetan informazio gehiegi agertzen da panel bakar batean. Kasu honetan, hobetzeko proposamenak dio informazioa sail desberdinetan banatu behar dela, atal bakoitza errazago ulertzeko. Era berean, azterlanak dio geltoki bakoitzaren izena ez dagoela toki ikusgarri eta irisgarri batean. Ebaluazio taldeak bi neurri proposatu ditu, letra-tipoa handitzea eta geltokiaren izenaren ikusgarritasuna hobetzea. Beste gai garrantzitsu bat ere jaso da txostenaren ondorioen artean: mapetan eta autobus lineetan ematen den informazioa zaila dela ulertzeko. Zentzu horretan, hobetzeko proposamenak dio ibilbideak linealki aurkeztu beharko liratekeela, mapetatik kanpo, ibilbidearen jatorria, jomuga eta tarteko geltoki guztiak azalduz.

Azkenik, ibilbidean zehar autobusen barruan aurkezten den informazioa ere ebaluatu da irisgarritasun kognitiboari buruzko txostenean.  Proposamenek diote jomuga eta hurrengo geltokia adierazten dituen panel informatiboa hobetu behar dela. Azterlanaren arabera, autobusaren panel digitalak letra gorriak ditu atzealde beltz baten gainean. Ebaluazio taldearen iritziz, irisgarritasuna hobea litzateke letrak beltzak balira atzealde zuri baten gainean. Bestalde, taldeko hainbat pertsonak adierazi dute zailtasunak izaten dituztela panela irakurtzeko, informazioa oso azkar agertzen delako. Ondorioz, kartelaren erritmoa moteltzea proposatzen da edo, besterik gabe, testua ez mugitzea. Proposamen horrekin batera, ondorioen txostenak dio komenigarria litzatekeela megafoniaz adieraztea zein den hurrengo geltokia. Era berean, ibilgailuen barruan ibilbidea adierazten duen plano bat jartzea proposatzen da, Bilboko metroak duenaren antzeko aurkezpenarekin, uneko geltokia eta hurrengoak identifikatu ahal izateko.

Proiektu honen ondorioak hemendik gutxira aurkeztuko zaizkio Bilbobus enpresako talde arduradunari.

 

Comments are closed.