APNABIren eguneko arretarako zentroek ateak ireki dituzte berriro

Ia 3 hilabeteko etenaldiaren ondoren, APNABI Autismo Bizkaiaren eguneko zentroak maiatzaren 20an hasiko dira berriro lanean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatuta. Azken asteetan berraktibatutako elkartearen beste zerbitzuetan bezala, beharrezkoa izan da jarduera Covid-19ren osasun-krisiak eragindako gizarte-errealitate berrira egokitzea.

Deseskalatze horretan aurrera egiteko, azken asteetan talde profesionalak zerbitzuaren erabiltzaileen eta haien familien egungo egoera aztertu du, haien beharretara egokitutako erantzuna diseinatu ahal izateko. Aldi berean, zentroetan lan egin da, segurtasun neurri garrantzitsuak ezarriz eta horietako bakoitzera egokitutako urruntze eta higiene protokoloak garatuz.

Irekiera partziala

Datozen egunetan, APNABIk goizeko 9:30etik 13:30era irekiko ditu ateak bere zentroetako zortzitan, eta ez du ez garraiobiderik ez janari-zerbitzurik izango, egungo araudiari eta osasun-erakundeen gomendioei jarraiki. Zentro horiek, oraingoz, 24 pertsona heldu hartuko dituzte, 2 erabiltzaileko profesional baten gutxieneko ratioarekin, nahiz eta kasu batzuetan 1-1 izango den. Pertsona horiek zentroetan banatu dira, kontuan hartuta edukiera %30era murriztu dela eta gehienekoa 10 pertsonetakoa dela.

Irekiera partzial horri esker, maiatzeko azken astean ebaluazio sakona egin ahal izango da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatuta. Hurrengo asteetan neurri berriak onetsiko dira eta gainerako erabiltzaileak sartzea erraztuko da.

Telelana

Etenaldiko hilabete hauetan, eguneko arreta-zentroetako profesionalek etxetik jarraitu dute lanean, eta baliabideak eskaini dituzte AEN duten pertsonei eta haien familiei koronabirusaren osasun-alertak eragindako konfinamenduan laguntzeko.

Comments are closed.