APNABI LANek enplegurako prestakuntza ekintzak abiatu ditu aurrez aurre

APNABI Lan, APNABIren sustapen sozio-laboraleko arloak, urriaren 1ean, ostegun honetan, autismoaren espektroaren nahasmena (AEN) duten pertsonentzako enplegurako prestakuntza programa berriro aktibatu du, eta aurrez aurre jarri du, gainera. Hau da 2020ko bigarren deialdia, eta abendura arte luzatuko da. Lehena otsailean hasi zen, baina martxoan eten behar izan zen, osasun alertagatik. Maiatzetik uztailera bitarte telematikoki egin da.

Aurrez-aurreko fase berri hori segurtasun eta prebentzio arloan indarrean dagoen araudiari jarraikiz egingo da, COVID-19 delakoaren kutsatzeak saihesteko. Taldea 10 lagunek osatzen dute, eta urriaren 1etik abenduaren 21era prestakuntza teorikoko zenbait saio egingo dituzte Deustuko Unibertsitateko ikasgela batean. Asteazken eta ostiraletan izango dira klaseak, 9:00etatik 13:30era. Prestakuntza praktikoa elkartearen zentro okupazionalean egingo da, astelehen, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara.

APNABI Lanek eskaintzen duen lan trebakuntzarako ekimen hau produktu grafikoak egitearen arlo profesionalean oinarritzen da, AEN duten pertsona horien lan-aktibazioa eta lan-merkatuan sartzea sustatzeko. Guztira 200 ordu iraungo ditu eta Bizkaian erroldatuta dauden eta Foru Aldundiaren balorazio zerbitzuak egiaztatutako autismo espektroaren nahasmena duten 30 urtetik beherako pertsonentzat da bereziki. Gainera, langabezian egon behar dute eta Lanbiden izena emanda.

Lanberri

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari esker egin daiteke, eta Lan Berri izeneko gazte langabeen enplegagarritasuna sustatzeko programaren bidez garatzen da ekimena. Lurralde-entitatearen konpromisoari erantzuten dio, bizitza duina eta osoa garatzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen enplegua eta lan-gaitasunak sustatu eta bultzatzeko.

Segurtasuna

COVID-19 delakoaren kutsatze-arriskua murrizte aldera, bai ikasleek bai prestakuntza ematen duen talde profesionalak uneoro jarraituko dituzte zentro bakoitzean ezarritako higiene eta segurtasun protokoloak.

Comments are closed.